Gobierno Vasco

Agenda21

ZER DA?

 


Ikastetxearen iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du.
Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.
Programaren ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira:
• Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
• Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
• Kudeaketa arduratsu eta iraunkorra sustatzen du.
• Curriculum-berrikuntza eragiten du.

 

NORENTZAT DA?

 


Hezkuntza-komunitate osoari zuzentzen zaio:
• Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak.
• Ikasleak benetako protagonistak dira fase guztietan.
• Familiek parte aktiboa dute ikastetxean, antolamenduan eta jardueretan arituz eta etxean eredu arduratsuak eskainiz.
• Langile ez-irakasleak programaren antolamenduan, diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.

 

NOLA ANTOLATZEN DA?

 


Beharrezkoa da antolakuntza berezi bat, eta horrek eskolaren egituraketan txertatuta egon behar du. Arduradun eta egitura hauek ezinbestekoak dira:
• Koordinatzaileak proiektua martxan ipintzen du eta jarraipenaren ardura nagusia du.
• Talde sustatzailea irakasleek eta, ahal den neurrian, zuzendaritzaren ordezkari batek osatzen dute. Bere zeregin nagusiak eguneroko dinamizazioa eta antolakuntza dira.
• Ingurumen Batzordea ikastetxean hezkuntza-komunitateak parte hartzeko organoa da, eta estamentu guztien ordezkariek osatzen dute. Programaren lerro nagusiak zehazten ditu (planifikazioa, ekintza-plana, ebaluazioa...).
• Koordinazio-bilerak ikastetxeen arteko lankidetza-gunea dira. Eskualdeko koordinatzaileek, Ingurugelako aholkulariak eta enpresako ingurumen-hezitzaileek osatzen dituzte.

 

ZEREN INGURUAN LANTZEN DA?

 

Eskolako Agenda 21 gai edo arazo baten inguruan garatzen da, eta, horretarako, programaren helburuak ditu oinarri eta erreferentzia.
Iraunkortasuna oso kontzeptu zabala da, eta gai ugari hartzen ditu bere barnean. Guztiak dira baliagarriak programa garatzeko. Horien artean hauexek aipa daitezke: biodibertsitatea, klima-aldaketa, ura, hondakinak, energia, kontsumo-ohiturak, garraioa eta mugikortasuna...
Gaiaren garapena hiru ardatz edo esparru hauen inguruan egiten da:
• Hezkuntza-komunitatearen partaidetza.
• Kudeaketa iraunkorra.
• Eskolako curriculum-berrikuntza.

 

NOLA GARATZEN DA ESKOLAKO AGENDA 21

 

Bost fase nagusi ditu:
• Antolamendua eta planifikazioa: antolamenduaren oinarriak (koordinatzailea, talde sustatzailea...) eta hasierako planifikazioa zehazten dira.
• Sentsibilizazioa eta motibazioa: behar-beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearen partaidetza lortzeko. Egitamu berezi baten bidez egitea komeni da.
• Diagnostikoa: ikastetxearen hasierako argazkia edukitzeko balio du. Horretarako, programaren hiru ardatzak hartzen dira kontuan. Bestalde, udalerriaren egoeraren azterketa egiteko une aproposa da.
• Ekintza-plana: fase honetan definitzen eta planifikatzen da ikastetxea eta haren inguru hurbila iraunkorrago egiteko ekintzen multzoa. Plana garatzeko hobekuntza-helburuak eta horiek lortzeko ekintzak zehazten dira; gainera, lorpenak neurtzeko adierazle batzuk azaltzen dira.
• Komunikazioa eta Ebaluazioa: prozesu osoan egiten direnez, eta izaeraz eta ezaugarriz ezberdinak direnez, fase berezia osatzen dute.

 

 

NOLA KOMUNIKATZEN DA ESKOLAKO AGENDA21?

 

 

Komunikazioaren asmoa da Eskolako Agenda 21en ibilbidea eta emaitzak ezagutzera ematea eta hezkuntza-komunitateko kide guztiengana iristea. Fase honetan foroek garrantzia berezia dute:
• Eskolen arteko Foroa: udalerri edo eskualde bateko ikastetxeetako ikasleek osatutako organoa; Eskolen Udal Foroak prestatzeko biltzen da.
• Eskolen Udal Foroa: ikasleek ikasturtean egindako lanaren emaitzak, konpromisoak eta proposamenak tokiko arduradunen aurrean (alkatea, zinegotziak…) aurkezteko topalekua

 

NOLA EBALUATZEN DA ESKOLAKO AGENDA 21?

 


Ebaluazioak Eskolako Agenda 21 berraztertzeko, balioesteko eta hobetzeko balio du. Komeni da ikasturtean zehar egitea, baina proiektuaren amaiera da memento egokia helburuen lorpen-maila jakiteko eta ibilbidean egindakoa balioesteko.
Ebaluazioak hiru une ditu, eta horietan hauxe egiten da:
• Hasierako ebaluazioa, diagnostikoaren bidez.
• Ekintza Planaren ebaluazioa, hobekuntza-helburuei lotuta dauden adierazleen bidez.
• Amaierako ebaluazioa, ekainean aurkezten den memoriaren bidez. Programaren osotasuna baloratzen du, bai ibilbidean egindako lana, bai erdietsi diren lorpenak.

 

LANDUTAKO GAIAK URTEZ URTE

2009-2010 IKASTURTEA: ENERGIA

2010-2011 IKASTURTEA: HONDAKINAK

2011-2012 IKASTURTEA: BIODIBERTSITATEA

2012-2013 IKASTURTEA: KONTSUMOA

2013-2014 IKASTURTEA: KONTSUMO JASANGARRIA

2014-2015 IKASTURTEA: ELIKADURA JASANGARRIA

2015-2016 IKASTURTEA: ELIKADURA ETA HONDAKINAK

2016-2017 IKASTURTEA: MUGIKORTASUNA

2017-2018 IKASTURTEA: ZARATA

 


 

© koldomitxelenabhi-errenteria
Telefonoa: 943513741 | Fax: 943519868 | 012173aa@hezkuntza.net